XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

(...); eta asteburuetan, oroit-loreak, gogoan nuela adierazteko.

Eta hilean behin malbabiskoz egindako perfumeaz bustitzen nuen haren atea. Ez zen itzuli.

Hala ere Bixenta zintzo portatu da nirekin.

Hil zenean, orain lau urte minbiziaz, utzi zidan apopilo-etxea heredentzian, auzoko katu eta zakur ezindu guztiak zaintzeko baldintzarekin.

Ziur nago neure buruarekin.

Horregatik badakit nire bizitzan sartu direnak ez direla zorionak ematen duen egonarriz ibili.

Aita, barne-barnean gizon ona zela dakidan bezala, Kurtzetakoek ezarri zioten deabru fama merezi ez zuena.

Ez zen gozoa izan haren bizitza.

Maite izan zuen inori esan gabe.

Bi almendro landatu zituen ama hil eta ni jaio nintzenean, esperantza landatzen zuelakoan: ama berriro ikusiko zuela; eta ni mardul, sendo eta guri haziko nintzela.

Esperantzak erantzun zion biotan.

Ahaztu zitzaion agian hirugarren bat landatzea, ni betirako geratuko nintzela.

Kurtzetan ez da jende asko geratzen, zahar batzuez landa, baina han haizeak lehengo moduan jotzen du eta alde guztietatik eta Otamuno lehen bezain gorria agertzen da, ikusi nahi duenarentzat.